Skip to main content

Published on 16 June 2023

DUALa euskaraz: Ane Lopez de Luzuriaga ikaslea - CIFP Ciudad Jardin LHII

2023/06/16

Ane Lopez de Luzuriaga ikasleak Marketin eta Publizitateko goi mailako zikloa egin du eta Oreka IT enpresan DUAL formakuntzan izandako esperientzia kontatu digu.

Turismoko Gradua amaitu ondoren, bere prestakuntza Marketin eta Publizitateko Goi Mailako zikloarekin osatzea erabaki zuen. Gurekin lehen urte bat eman ondoren, euskarazko DUAL formakuntzaz interesatu zen, Oreka Information Technologies enpresan garatzen ari dena.

Lanbide Heziketa Dualak aukera ematen du prestakuntza jasotzeko eta aldi berean lan-esperientzia izateko; hala ere, aukera hori ez da oso ezaguna matrikulatzeko orduan.

Anek zerbait entzuna zuen industria-sektoreetako DUAL prestakuntzari buruz, baina ez zuen argi marketinean aukera hori izango ote zuen. “Ikasle ohiekin izandako hitzaldi eta topaketen bidez, DUAL programaren esperientziak ezagutu nituen, guztiak positiboak”.

“Soldatapeko praktikak marketinera bideratutako prestakuntzarekin uztartzeko posibilitatea oso erakargarria da. Soldata garrantzitsuena ez den arren, beste pizgarri bat da. Nire motibazio nagusia DUALak lan munduan sartzeko ematen duen erraztasun handia izan zen eta baita esperientzia irabaztea ere”.

Ane prestakuntza hori egin duten Ciudad Jardineko 25 ikasleetatik 1 izan da. DUAL prestakuntza-planean parte hartzeko aukerak bere ikaskuntza bizkortzeko aukera eman dio. “Programak aukera eman dit nire ikasketak amaitzeko eta Oreka IT enpresa teknologikoan urtebeteko esperientziarekin osatzeko. Gainera, marketinaren eta publizitatearen esparruan lan-merkatuan sartzeko balio izan dit”.

Horretaz gain, irakasleen laguntza eta Oreka ITn izan duen tutoreen irakaskuntza funtsezkoa izan dela uste du. Horrela, “lantaldeetara eta enpresaren dinamikara azkar egokitu naiz”. Eta gaineratu du, “nahiz eta egun batzuetan gogorra den ikasketak eta lana uztartzea, irakasleekiko harremanak eta gainerako lankideek enpresan izandako harrerak taldeko beste kide bat bezala sentiarazi naute”. “Ikasleak programa hau egitera animatzen ditut, bultzada profesional handia baita, erabateko prestakuntza bilatzen du eta lan-munduan azkar barruratzeko helburua du".

Latest news